Protokoloa

Enpresetako Praktiken Programak bi helburu nagusi ditu:

  • Ikasleak enpresaren munduan eta haien errealitate teknologikoan multimedia produktuen diseinu eta ekoizpenari buruzko prestakuntza praktikoa hartzea.
  • Ikasleak lan egiteko aukera gehiago izatea, benetako lan-esperientzia praktikoa txertatuz ikaslearen prestakuntzan.

Enpresetako Praktiken Programaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  1. Ikasleek lantokietan emandako orduek kreditu akademikoen balioa izango dute: praktika-programako 25 ordu kreditu akademiko baten adina izango dira. Praktiketan gutxienez 15 kreditu egin behar dira, hau da, gutxienez 375 ordu.
  2. Masterreko Batzorde Akademikoak tutore bat esleituko dio ikasle bakoitzari praktiken jarraipena egin dezan. Tutoreak aholkularitza-lana egingo du matrikulazio garaian eta dinamizatzaile eta ebaluatzaile-lana ikaslearen praktikaldian.
  3. Enpresak ere begiraleak izendatuko dituzte ikasleez arduratzeko eta haien lana gidatzeko: enpresa eta praktika bakoitzerako enpresako begirale bat egongo da, praktika-protokoloa behar bezala betetzeaz arduratuko dena.
  4. Praktiketako tutoreak eta begiraleak diseinatu eta ebaluatuko dute praktikaldia. Biek egingo dituzte praktikei dagokien gai edo arloaren programazio orokorra eta jarraipena.
  5. Praktikaldia amaitzean ikasleek begilearen ziurtagiri bat jasoko dute, praktika-orduen kopurua eta emaitza adieraziko duena. Guztizko ordu kopurua kasuan kasuko hitzarmenean zehaztuko da eta prestakuntza-praktiken agendan.

Prestakuntza-praktiken prozesuak lau urrats ditu:

  • Aurkezpen urratsa: hasierako elkarrizketa fakultateko tutorearekin, enpresa edo lantokiko begiralearen aurrean aurkeztea, ikasleak enpresa edo lantokiko leku fisiko jakin batean kokatzea, eta praktika-plana, ordutegiak eta praktikak gainbegiratzeko egitura prestatzea.
  • Behaketa urratsa: honetan enpresako begiraleak jakitun jartzen ditu ikasleak lantokiko gorabehera eta xehetasunez: organigrama azaldu, unitate berean lan egiten duten beste lankideak eta bakoitzaren zereginak aurkeztu, enpresaren helburuak zehaztu, enpresak lan egiten duen arloaren eta dituen baliabideen berri eman, eta ikasleari berak egin beharrekoak azaldu abar. Fase honetan ikasleak enpresa edo lantokiaren dinamikara egokitu behar dira eta bertan txertatu.
  • Prestakuntza aplikatzeko urratsa: ikasleek praktiketako lanak eta horretarako behar dituzten materialak prestatu (proiektuak egin, atazak planifikatu, dokumentazio-lanak egin, eztabaidarako materialak prestatu, informazioa biltzeko tresnak eratu, horiek aplikatu, informazioa aztertu eta interpretatu, txostenak edo memoriak idatzi eta abar).
    Fase honek arretagune bi ditu: batetik, ikasleek bete beharreko zeregina bera, eta, bestetik, horren bidez ikasleek jasotzen duten prestakuntza osagarria, zeregin hori betetzeko honakoak egin behar baitituzte: gogoeta egin, errealitatea aztertu, fakultatean ikasitakoak aplikatu, erabakiak hartu eta ekintza zehatzak burutu.
    Fase horietan eta praktikak amaitzean ikasleak multimedia produktu bat edo gehiago izan beharko ditu eginda eta produktuok kontuan hartuko dira praktiken ebaluazioa egiteko.
  • Ebaluazio urratsa: ikasleak, enpresako begiraleak eta fakultateko tutoreak praktikaldian egindako lanak ebaluatuz jakin ahal izango dugu praktikaldia noraino izan den probetxuzkoa, partaide bakoitzak bere eginkizunak noraino bete dituen.
    Urrats guztietan enpresako begiraleak eta fakultateko tutoreak jarraipen egokia egin behar diete praktikei, ikaslearen lanak gainbegiratu, baliabideak haren eskura jarri eta harekin harremanetan egon etengabe.