Amets baten egia
2010/06/9Tartalo argitaletxearen eskutik “Amets baten egia” izeneburuko liburua plazaratu berri da. Egileak EHUko lau irakasle dira: Ramon Zallo, Periko Ibarra, Teresa Agirreazaldegi eta Txema Ramirez de la Piscina.
Berton, biltzen dira Euskaldunon Egunkariaren itxiera zela medio, aipatu irakasleek -auzipetuen defentsak eskatuta- burutu zituzten txosten perizialak. Txostenok Madrilgo Audientzia Nazionalean aurkeztu ziren, baina epaileek ez zituzten onartu ahozko epaiketan, ”bista larregi ez luzatzearren”.
Liburua ele bietan argitaratu da. “Amets baten egiak” badu bere anai edo ahizpa bizkia: “La verdad de un sueño”. Txosten horien bitartez aski frogaturik gelditu dira hainbat kontu. Besteak beste, hauexek: “Egunkaria” kazeta standar, moderno eta pentsamoldez irekia izateaz gain, euskal kulturaren ezinbesteko erreferentea ere izan zela. Orobat, guztiz indargabetua geratu da akusazioek ehundutako teoria (“Egunkaria ETAren tresna zen”); izan ere, txostenetako batek garbiki deuseztatu du hori, hainbat datu eta argibide eskainiz.
Egunkariaren ametsa eta egia deskubritu nahi dituenak badaki nora jo.
http://berria.info/egunkaria/egunkariatb.php
Txema Ramirez de La Piscina


